jueves, 17 de marzo de 2011

Japoniako alerta nuklearra


Atzo esaten genuenez, Fukushimako sei erreaktore nuklearren egoera hobetu ordez badirudi okerrera egin duela azken orduetan , eta iristen zaizkigun azken berriek kezka areagotu besterik ez dute egiten. Denok dakigunez, istripua joan den ostiraleko, hilaren hamaikako lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren ondorio zuzena izan da, eta garbi geratu da zentral nuklear hau ez zegoela egokiro deiseinatuta halako tamainako hondamendi natural bati aurre egiteko moduan. Beraz, pentsa dezakegu munduan zehar barreiatuta dauden gainontzeko zentral nuklearrak ere nekez erantzun dezaketela horrelakorik gertatuko balitzaie, horrek suposatzen duenarekin. Badakigu halako txikizio naturalen arriskua estadistikoki edo probabilistikoki ez direla homogeneoki banatzen munduan zehar eta ia uste ez izatekoak direla, baina…ikusi dugunez, batzuetan errelitatea fikzioari goititzen zaio, tamalez.
Bai sarean eta baita komunikabideetan ere zabala eta anitza da eskeintzen ari zaigun informazioa zer gertatu den eta zergatik ulertzeko. Horren adibidea animazio hauek izan daitezke, The New York Times egunkariaren zientzia atalean ikus daitezkeenak.
Azken finean zentralaren hozte-sistema guztien matxurak azaltzen du gertatu dena. Lehendabizi lurrikarak eten egin zuen erreaktoreen hozte-sistema primarioa kanpotik zetorren argi-indarra galdu zelako; hori bai, lanean ari ziren hiru erreaktoreak( 1, 2 eta 3 alegia) automatikoki geldialdian geratu ondoren, eskerrak... Gero, hortik ordubetera, 10 metroko tsunamiak, zentralean eraginez, antza bakarrik 6 metroko bati aurre egiteko diseinatuta zegoelako, hondatu zituen hozte-sistema sekundarioa abiarazteko zentralak zituen dieselezko sorgailuak. Eta hor hasi ziren arazoak eta kontrolaezinak bihurtu diren temperatura-igoerak eta gas-pilaketak.
Horren ondorioz eta instalazioen barruko presio-altua arindu nahian, badirudi propio utzi zutela askatzen barruko gasa, eta horrekin batera hidrogenoa, airearen oxigenoarekin erreakzionatuz leherketa ezberdinak eragin dituena eraikuntzaren eustormak suntsituz gehiago ala gutxiago, eta ondorioz erreaktorearen gune nagusia zein erabilitako erregai erradiaktiboa gordetzen zuten urtegiak agerian uzteko arriskuarekin berauen erradiaoktibitateari bide askea emanez atmosferan barreia dadin. Suntsimena erabatekoa litzateke erreaktore-nukleoak, beroaren eraginez, fundituko balira eta hori da nahitanahiez saihestu behar dutena hozte-sistema egokia bilatuz, itsasuretan barne-instalazioak murgilduz edo sinpleki helikopteroen edo kamioien mahuka-tutuen bitartez dena ureztatuz.
Askoz hobeto ulertzeko istripuaren nondik norakoak bideo honetan ematen diren azalpenak oso egokiak direla uste dut:



Bestalde, hemen duzu informazio gehigarria eta interesgarria, alde batetik  Japoniako istripuaz eta energia nuklearraz eta bestetik Erradiazioa maila kaltegarrira iritsi da Japonian  biak Elhuyarreko zientzia.net-i esker.

No hay comentarios:

Publicar un comentario