Ezer baino lehen, urte berri on denontzat. Baina, hori behin esanda, agian azken gau honen gehiegikerien ondorioekin ibiliko zara. Txarrenak, ziurrena, alkoholak erakarritakoak, ezta? Beno, lasai, pasatuko da; eta hurrengoan badakizu: neurrian hartu.
Denok ez diogu berdin erantzuten alkoholaren eraginari. Ba omen dago heren edo laurden bat ajearekiko erresistentzia naturala duena; baina gehienok, abstemioak izan ezik, noski, somatu dugu noizbait biharamuneko ondoez hori: buruko mina eta nekea, deshidratazioa eta aho lehorra, goragalea eta okadak, urdaileko enbarazuak, kontzentratzeko eta loak hartzeko zailtasunak… horiexek dira sintoma arruntenak, eta ondorioz, orduak pasatzen utzi ditugu sofa gainean, telebista aurrean, pixkanaka buelta eman arte. Agian, horrelakoetan, geure buruari galdetu diogu ere ea ez ote dagoen ezer ajea arintzeko balio dezakeena, eta zergatik sortzen zaigun zigor moduko oinaze hori.
Hasteko, azken horri erantzuten, arazoaren errudun nagusia ez omen da alkohol bera, etanola alegia, baizik eta edari akoholikoak izan ditzakeen ezpurutasunak eta gehigarriak. Horietako batzuk sortzen dira hartzidura edo fermentazio alkoholikoarekin batera eta beste batzuk propio gehitzen dira, adibidez likore batzuen zaporea areagotzeko. Horregatik, esan ohi denez, edariaren kalitatearen eragina, eta “garrafa”koak sahiesteko garrantzia.
Baina irentsitako alkohol kantitateak ere eragiten du; zenbat eta gehiago hartu gero eta probableagoa da ajea, haren metabolizazioan, gibelean, sortutako hondakinak gernuaren bidez kanporatzen direlako eta azken horren produkzioa handitzean deshidratazioak eragin dezakeelako errazago; buruko mina, lehortasuna ahoan eta nekea sorraraziko diguna. Alkoholaren metabolizazioak gainera, azido azetiko sortzearen bidean, azetaldehido (=etanala) ematen du tartean, alkohola baino dezente toxikoagoa dena guretzat; beraz, horrek, azetaldehidoaren presentziak gorputzean, da ajearen kausa ere, desagertuko ez dena metabolizazioa zeharo osatu arte, eta hori guztia luzatuko zaigu hartutako alkohol-kantitaearen arabera.
Eta ez al dezakegu ezer egin ajeari kontra egiteko? Ez al dago erremedio “magikoren” bat?
Lehendabizi komentatu zerk ez duen balio. Adibidez, kafea. Nahiz eta egia izan kafeinak neke-sentsazioa ken dezakeela eta buruko mina ere agian arindu pixka bat, efektu horiek aldi baterako bakarrik dira eta gainera nagusitzen dira efektu kontrajarriak kafea diuretikoa delako eta deshidratazioa areagotuko du. Zer esanik ez dago hurrengo goizeko tragoxka, legendak dioenari jarraituz, hau da, alkohol gehiago edatea kaltegarria dela arazoari laguntzen diolako berriro alkohol tasa odolean igoaraziz.
Ondorioz, zer da positiboa ajearen kontra? Orokorrean gorputza ongi hidratatzea. Beraz, ura kantitatean edatea, edo bestela isostar moduko kirol-edariak ere bai, galdutako elektrolitoak birjartzeko. Fruta-zukuak oso egokiak dira arrazoi berberagatik. Sintoma deserosoak kentzeko aspirina edo ibuprofeno bezalako analgesikoak lagungarriak dira ajearen minak leuntzeko. Arrautzak jatea ere aholkatzen da, daramaten zisteinak alkoholaren metabolito toxikoa den azetaldehidoari kimikoki eraso egiten diolako. Bestalde, positiboa izan daiteke B bitaminak dituen konplexuren bat hartzea, deshidratazioaren galerak orekatzeko, eta batez ere B1 edo tiamina, garunaren glutaratoa, buruko minaren eragilea, kontrolatzen duelako. Eta bukatzeko potasio asko duten produktuak jatea, adibidez platanoak, deshidratazioaren efektu kaltegarriei aurre egiteko. Eta ez baduzu gogorik ezer solidorik jateko, salda bero bat. Bukatzeko toxinen metabolizazioa azkartzeko kirola egitea da onena, edo gorputza oxigenatzea, azken finean berdina dena. Baina gogoratu, metodo seguru bakarra alkohola ez edatea da.
oso kimiaholku onak kimikel!
ResponderEliminarurte berri on!!!
ResponderEliminardenak kimimozkortuta!
ResponderEliminarni ondo kimkhidratatu nintzen mikel!
ResponderEliminarkaixo kimikel. lagun berri bat lortu dizut zure fan egin dena, kimiaje edeerra pasa zuen eta zure kimiaolkuei esker urrengoan ez du orren bestekoa izango, txala botatzera doanean korrika hasiko da eta LISTO KALISTO !
ResponderEliminar