domingo, 14 de octubre de 2012

Eta orain...2012ko benetako nobel sariak


Aste honetan zehar, urteroko ohiturari jarraituz, Nobel Fundazioaren sariak izan dira iragarriak kategoria guztietan. Hemen, blog honen gaiak errespetatuz, Fisikakoa eta Kimikakoa laburki komentatuko ditugu orain.
Lehenik Fisikakoa izan zen plazaratua asteartean Serge Haroche frantziarrarentzat eta David J. Wineland estatubatuarrarentzat. Bakoitza bere aldetik lan eginez, gai izan direlako metodo esperimental berriak garatzeko sistema kuantikoen neurketarako eta manipulaziorako. Horren atzean zer dagoen hobeto ulertzeko, utz dezagun Euskadi Irratiko Guillermo Roa zientzia-dibulgatzailea azalpenak ematen zientzia.net-eko artikulu honetan; erraza ez delako, bestela, Schrödingerren katuaren paradoxa kuantikoak dituen inplikazioez jabetzea. Hona hemen, bestalde, Nobel web orritik ematen dizkiguten argitasunak.
Asteazkenean Kimikakoa izan zen iragarria Robert J. Lefkowitz eta Brian K. Kobilka ikerlarientzat, biak estatubatuarrak, G proteinei akoplatutako errezeptoreen estudioagatik.  Ikerlari horiek izan baitira zelulek zer nolako mekanismoak erabiltzen dituzten mintz plasmatikoan zehar ingurunetik iristen zaizkien seinaleak eta estimuluak detektazeko. Errezeptore horiek dira ere, hormona eta neurotransmisore askoren hartzaileak, esate baterako dopamina, serotonina eta adrenalinarenak, eta argiaren, zaporeen edo usainen detektore moduan funtzionatzen dute ere; hau da, gure sentikortasunaren arduradunak dira. Gorputzaren prozesu fisiologiko asko beraien menpekoak direla esan daiteke eta botika guztien ia erdiak (beta-blokeanteak, antihistaminikoak...) errezeptore horien bitartez  eragiten diote gorputzari. Hala eta guztiz ere deskubritzeke zeuden orain dela gutxi arte. Beraz, garbi dago zer nolako garrantzia duten gorputzaren funtzionamendurako aurkitu berri diren errezeptore horiek.
Honek guztiak frogatzen du berriro, beste sarrera honetan esaten nuenez, gure gorputza kimikan oinarritzen dela sentsazioak transmititzeko eta inguruarekiko komunikazioa ziurtatzeko. Hemen doakizu saria merezi izan duen aurkikuntza honi buruz Nobel web orrian aurki daitezkeen azalpenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario