lunes, 24 de septiembre de 2012

2012ko "Ig Nobel" sariak


Joan den ostegunean, hilaren 20an, aurtengo Ig Nobel sariak banatu zituzten. Honekin, dagoeneko, 22. ediziora iritsi dira zientzia xelebrea edota barregarria saritzen eta gogora ekartzen diguten sari horiek. Iazko beste sarrera honetan azaldu genituen sari bitxi horien nondik norakoak; beraz, ez dut orain errepikatuko han esandakoa, bakarrik gogorarazi Annals of Improbable Research aldizkariak antolatzen duela zeremonia, eta aldizkari honen ale digitalak, 1995tik bi hilez behin ateratakoak, zein eguneroko berriak eta ekarpenak http://www.improbable.com/ web orrian eskura dituzula.Beraiek esaten dutenez "Research that makes people LAUGH and then THINK" dute helburu nagusia.
Laburbilduz zein izan diren aurtengo saridunak, hona hemen banatutako hamar sarien ikerketa-arloa eta edukia:
KIMIKA: Suediako Johan Pettersson-i aurkitzeagatik zergatik Anderslöv hiriko biztanle batzuei berdetu egiten zitzaien ilea. Esan dezagun arrazoia tutuerietako kobrean zegoela goizeko dutxa hartzean  erabiltzen zuten ur beroa zela medio, hemen irakur dezakegunez.
FISIKA: Ile-kontuekin jarraituz, lau amerikarri eman diete ile-mototsa baten forman eta mugimenduan eragiten duten indarren-balantzeak aztertzeagatik.
AKUSTIKA: Japoniar bikote bati makina bat diseinatzeagatik zeinaren efektua pertsonen hitz egiteko gaitasuna oztopatzea den beren abotsa entzuten dutenean atzerapen txiki batekin.
ISURIGAIEN DINAMIKA: Rouslan Krechetnikov eta Hans Mayer-ri ikertzegatik zer gertatzen den pertsona bat ibiltzen ari denean kafe katilu bat eskutan daramala.
NEUROZIENTZIA:  Amerikar batzuei frogatzegatik tresna konplikatu batzuekin eta estadistika sinpleekin posible dela garun-aktibitatea detektatzea, baita hildako izokinen garunetan ere.
MEDIKUNTZA: Bi frantziarri kolonoskopiak egiten dituzten medikuei aholkuak emateagaitik jakin dezaten nola minimizatu beraien pazienteen lehertzeko arriskua.
ANATOMIA:  Frans de Waal eta Jennifer Pokorny-ri aurkitzeagatik txinpantzeak gai direla elkarri identifikatzeko beren ipurdien argazkiak ikusiz bakarrik.
PSIKOLOGIA: Lau ikerlariri frogatzegatik ezker aldera makurtuta begiratuz gero Eiffel dorrea txikiagoa dela irudituko zaigula.
BAKEA: Errusiako enpresa bati diamanteak lortzegatik armen munizio zaharra erabiliz. Horrelako zerbait, hildakoen errautsak erabiliz hain zuzen ere,  posible zela aztertu genuen beste sarrera honetan.
LITERATURA: EEBB-etako Kontabilitate Orokorraren Bulegoari txostenei buruzko txosten bat argitaratzeagatik non  aholkatzen den txostenen txostenen txostena prestatzea.
Zerrenda osoa jatorrizko bertsioan, eta aurreko urteotakoa ere, hemen daukazu.
Bukatzeko sari-banaketaren zeremonia osoaren bideoa jarriko dugu pazientzia duenarentzat, azken finean Oscar famatuen zeremoniaren antzeko zerbait dela esan baitaiteke  muntatzen duten parafernaliagatik eta irauten duenagatik.



 

No hay comentarios:

Publicar un comentario