lunes, 11 de junio de 2012

Roald Hoffmann (kimikaria eta poeta) Bilbon



Bihar, hilak 12 asteartea, Bilboko Alhondigan eta "Yes Future" programazioaren barruan Roald Hoffmann Nobel saridunak hitzaldi bat emango du izenburu honekin: "Kimikaren funtsezko tentsioak: Zientziaren hiru perspektiba Kulturan".  Hona hemen DIPC-tik hitzaldirako jasotako konbidapenaren nondik-norakoak. Ez dugu ahaztu behar zientzialari honek zientzia, literatura (poesia eta antzerkia) eta filosofia uztartzen dituela bere eginkizunetan. Haren hitzetan zientzia eta poesia aldi berean egiteak ez du inolako sekreturik, "biak sortzen baitira unibertsoa ulertzeko ahaleginetik, ikasi dudana irakasteko dudan maitasun pertsonaletik eta hizkuntzarekiko grinatik". Horixe azaltzen du "Catalista" izeneko bere poema-liburuan.
1981ko kimikako Nobel saria jaso zuen erreakzio-mekanismoen estudioan egin zituen ekarpenengatik, berauetan parte hartzen duten lotura kimikoen orbital molekularretan simetriak duen garrantzia azpimarratuz. Simetriak beraz, artean bezala zientzian ere, jokatzen duen lehen mailako papera nabarmenduz. Horregatik, bihar seguruena, kimikaren ikuspegi artistikoa edota kulturarekin  duen harreman hestua hulbilduko digu bere hitzetan.
Bilboko Alhondigara bertaratzeko arazoak izango ditugunentzat aukera izango dugu hemen streaming bitartez zuzenean hitzaldia jarraitzeko parada.
Bukatzeko zientzia dibulgatzeko Hoffmannek duen zaletasuna ere espreski aipatzeak merezi du. Horren froga bere weborrian agertzen da, kulturarekiko eta literaturarekiko duen grinarekin batera.
Bera izan da, adibidez, "Entertaining Science" izeneko programaren sortzailea New Yorkeko lokal batean gure artean ere pixkanaka zabalduz doazen kafe zientifikoen moda bultzatuz. Eta baita ere berari zor diogu The World of Chemistry bideoen bilduma, non 26 kapitulutan kimikaren eduki nagusiak eta zer nolako eragina duten gure gizartean eta bizimoduan ikus daitezkeen. Nahiago dut hemen horietako bat ez txertatzea copyright edo baimen-arazoak ez izateko, baina sartzen bazara azken esteka horretan ikus ditzakezu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario