domingo, 18 de diciembre de 2011

Azken bi elementu berriak: Fl eta Lv

Hilaren hasieran the International Union of Pure and Applied Chemistry (IUPAC) elkarteak erabaki zuen probisionalki honako bi izen hauek proposatzea lehengo ekainetik onartuta zeuden azken bi elementu berrientzat Taula Periodikoan: (Fl) Flerovio (Flerovium jatorriz) 114 zenbaki atomikoa duena, eta (Lv) Livermorio (Livermorium) 116 zenbaki atomikokoa. Hemendik aurrera, eta ohiko prozedurari jarraituz, 5 hilabeteko epea irekitzen da alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta harrez gero, datorren urteko apirila inguruan, gehituak izango dira T.P.an oraindik izen ofiziala eman gabe genituen bi elementu horiek: (Uuq) Ununquadioa eta (Uuh) Ununhexioa, alegia.
Biak sintetikoak dira, oso astunak eta desegonkorrak (21 s-ko  eta 0,24 ms-ko batez besteko bizitza dute beren atomoek hurrenez hurren), transuranido guztien antzera; eta gutxi gora behera orain dela hamar bat urte izan ziren sintetizatuak beren lehenengo atomo solteak. Baina ez dira bakarrak onarpen-prozesuan  dauden elementuak taula periodiko honetan kontsulta dezakezunez.
Flerovioa (C) karbonoaren taldeko elementua da eta esleitu zaion izenaren bidez Errusiako Dubna hirian dauden Flerov laborategiak omendu nahi dira, non "Georgy Flyorov" fisikari nuklearrak fisiozko ikerketak egin zituen ziklotroi izeneko partikula-azeleragailua erabiliz eta hari esker elementu berriak sintetizatuz.
116. elementua, Livermorio izenekoa hemendik aurrera, anfigenoa da, eta EEBB-etako Kalifornian dagoen Livermore hiria gogora ekarri nahi digu, non izen bereko laborategia aurkitzen den, aipatutako elementu berri horren aurkikuntzaren lekukoa.
Bukatzeko hemen dauzkazu esteka batzuk informazioa osatzeko:
Martyn Poliakoff-en bideoa periodicvideos web horritik hartua


IUPAC-en komunikatua
Livermore laborategiaren ekarpena

No hay comentarios:

Publicar un comentario