Gehiegizko kilo gutxi batzuk lortu badituzu azken boladan, ez kezkatu gehiegi, ez bota errua zeure buruari, aurkitu omen dutelako benetako erruduna zein den. Egia esateko aurkitu berri omen dutena, Higgs bosoi deituriko partikula hori, beste oinarrizko partikulen masa zergatik den handiagoa ala txikiagoa justifikatuko lukeena besterik ez da. Baina zer gara gu atomo eta molekula sorta handi bat baino; hidrogeno atomo txikienetik hasita (1,6 x 10-27 kg) Lurra bera bezalako masa handi bateraino (5,6 x1024 kg), partikula azpiatomikoen andana ikaragarria besterik ez gara.
Hala ere ez dago ukatzerik azken egunotako (aurtengoa agian) zientzia-berririk garrantzitsuena horixe dugula, CERN-eko ikerlarien eskutik etorri zaiguna. Genevan LHC azeleragailua martxan jarri zenetik bere helburu nagusietako bat burututa legoke honez gero berri hori guztiz egiaztatuko balitz, eta hala izango dela dirudi eman dituzten datuen arabera. Dena den, oraingoz, eta zuhurtziaz jokatuz, izenburuaren galdera-ikurra gordeko dugu.
Partikula azpiatomikoen arloan adituak ez garenontzat pixka bat arrotza eta iluna suertatzen zaigu, fisikarioi ez bezala, oinarrizko partikulen bitxikeri kuantikoak ulertzea. Ez ahaztu kimikariok nahikoa dugula atomo-azaletako elektroiekin bakarrik aritzea eta jokatzea substantzien ezaugarriak eta aldaketa kimikoak ulertu ahal izateko, nukleoaren "sekretuetan" sartu gabe.
Beraz, komenta dezagun, ahalik eta modu errazenean, Higgs bosoia zer den eta nondik datorkion garrantzia. Orain arte hipotetikoa izan den partikula hori baita, alegia, oinarrizko partikulen jokaera azaltzen duen Eredu Estandarra izeneko teoriari detektatzeko eta bere existentzia esperimentalki konfirmatzeko falta zitzaion partikula bakarra. Beraz, nolabait, kate-maila galdua zela esan genezake, eta hortik egun hauetako berriaren garrantzia.
Bosoien funtzioa partikulen fisikan, gainontzeko partikulen arteko (fermioiak eta hadroiak) interakzioak justifikatzea da; hau da, fisikan ezagutzen diren indar edo elkarrekintza mota ezberdinen mekanismoak azaltzea. Honela, fotoia da elkarreragin elektromagnetikoaren beharrezko bitartekaria, adibidez argiaren kasuan, eta gluoiak eta W eta Z bosoiak, hurrenez hurren, indar nuklear bortitzez eta indar nuklear ahulez arduratzen dira.
Higgs bosoia berriz, beharrezkoa litzateke, beti Eredu Estandarren teoriaren arabera, partikulen masaren jatorria esplikatzeko.
Newtonek, orain dela 350 urte inguru erakutsi zigun modu intuitiboan, sagarra bere buru gainean erori zenez gero, grabitatea gugan eta objektu guztietan atxikituta dagoen zerbait dela, masen ezaugarri propio bat, alegia, eta bere intentsitatea masekiko proportzionala dena. Einstenekin, orain dela mende bat, eta bere Erlatibitatearen Teoriari jarraituz, ikasi behar izan dugu, gure intuizioaren aurka joz, grabitatea ez dela materiaren berezko ezaugarri bat baizik eta materiak espazio-denboran eragiten duen distortsio moduko bat. Baina joan den mendeko hirurogeiko hamarkadaren inguruan Peter Higgs fisikari britaniarrak proposatu zigun mekanismo berri bat masa zergatik sortzen den ulertzeko; hau da, ezagutzen dugun gure unibertso hau zergatik den den bezala ulertzeko.
Eta horretarako partikula ezberdinek espazio osoan zehar hedaturik dagoen Higgs eremuarekin dituzten elkarreraginetan egongo litzateke klabea. Horrela, antxoa txikien edo baleen kasuan urarekin gertatzen den bezalaxe, aipaturiko eremu horrekin interakzio ahula duten partikulen masa txikia litzateke, fotoiaren kasua adibidez; aitzitik, modu liskatsuan edo Higgsen eremuarekiko inertzia edo "marruskadura" handia pairatuko luketen partikulen masa askoz handiagoa litzateke. Higgs bosoiek osatuko lukete izen bereko eremu hori.
Ez naiz gehiago luzatuko, agian hobea da esteka batzuk proposatzea informazioa osatu nahi duenarentzat, beti dibulgazio mailan, hori bai. Baina hori baino lehenago ez dut aukera galdu nahi garbi uzteko zergatik ezagutzen zaion partikula honi "jainkoaren partikula"-ren goitizenarekin. Eta konfusio interesatu hori, gutxienez gotzain-batzarrekoentzat, Lederman Nobel saridunari zor diogu "God" eta "Goddamn" (= madarikatua) hitzen antzekotasunarekin jokatu zuelako bere liburu famatu hau: "The God Particle" edo "La Partícula Divina, si el universo es la respuesta, ¿cuál es la pregunta?" argitaratu zuenean. Nahastearen historia osoa oso ondo azaltzen da hemen
Esteka osagarriak:
Zientzia.net-en aurki daitekeena.
EL PAIS-ek emandako infografia hau.
CPAN Centro Nacional de Partículas web-orritik emandako oinarrizko azalpenak.
"El bosón de Higgs explicado para todos los públicos".
BBC-n aurkitutakoa.
Eta "YOUTUBE"-n aurki daitezkeen bideoetariko bat adibide moduan, non erabiltzen den gorago azaldutako uraren konparazioa:
Bukatzeko gai korapilotsu hau arintzeko musika pixka bat Aviador Dro taldearen partetik: