
Kontua da azken hamarkada hauetan injinerutza genetikoak lortutako aurrerapenei esker, batez ere DNA birkonbinatzailearen teknika garatu zenetik, gai garela organismo batean beste batetik aukeratutako genea(k) txertatzeko, haren karaktereak modu kontrolatuan aldaraziz. Horrela sortu diren aplikazioak kontaezinak dira, farmakologian bezala intsulinaren lorpenean edo kotoiaren kasuan. Mulet berak komentatzen digu bideo honetan non aurki ditzakegun transgenikoak gure eguneroko bizitzan:
Gainera, esan daiteke ez dela izan injinerutza genetikoak transgenikoak asmatu dituena. Naturan ere aurki daitezke horren adibideak, non organismo ezberdinak geneak trukatzen dituzten.
Esate baterako birusek erabiltzen duten infekzio-mekanismoaren funtsa horretan datza izaki ostalariaren genoman integratzen direnean. Bakterioek ere erraztasun handia dute gene-trukeak egiteko eta horri esker lortzen dute moldatzeko erraztasuna, adibidez antibiotikoen aurrean.
Landare eta animalien artean ere gertatzen dira ausazko gene-trukaketak batzuetan transferentzia horizontal izeneko mekanismoa dela medio.
Beraz, transgenikoak ez doaz, inolaz ere ez, “lege naturalen” kontra, naturan dokumentatuta dagoelako transgenesia posible dela espezie ezberdinen artean eboluzioaren bidean. Bioteknologiak naturaren bideak kopiatzen eta erabiltzen ditu nolabait geneen tranferentzia gauzatzeko, eta horregatik bakterioen plasmidoak erabiltzen dira bektore moduan. Hori bai, teknika berriak modu kontrolatu eta selektibo batean aplikatzen dira. Eta hori da alde handiena orain arte gizakiak neolitikotik erabili dituen ohiko teknika ezagunekin konparatuta, landare eta animalia hobeak lortzeko asmoz gurutzaketak eta txertaketak eginez eta emaitza onenak aukeratuz lortu baitira etxeko animaliak eta jaten ditugun ia landare guztiak.
Hemen dituzu transgenikoei buruzko apunte praktiko batzuk.