XX. mendean gizakiak nukleoaren energiaz baliatzen ikasi izan zuen, batzuetan arma moduan erabilpen maltzur eta suntsitzaileetan eta beste batzuetan energia-iturri moduan, uraniozko minerala dela medio, fisiozko erreaktoreak erabiliz, hau da, zentral nuklearrak eraikiz. Baina sinestezina badirudi ere, naturak honetan ere, fisiozko erreaktore nuklearretan alegia, aurrea hartu gaitu, zeren, frogatu izan denez, aurkitu baitira Lurrean bertan espontaneoki aspaldian sortu zen erreaktore nuklear baten arrastoak. Oklon gertatu zen hori orain dela 1.800 milioi bat urte, gaur egun Afrikako Gabon herrialdean uraniozko meategia dena.
Naturan aurkitzen den uranio gehiena 238U isotopoa da, baina interesgarriena, fisionagarria delako, 235U da berriz, apenas totalaren %0,72 proportzioan agertzen dena. Zentral nuklearretan erabilgarria izan dadin proportzio hori aberastu behar da %3a edo handiagoa izan dadin. 238U isotopoaren batez besteko bizitza ia 4.500 milioi urtekoa da, 235U-rena berriz 700 milioi urtekoa. Diferentzia hori dela eta, pentsa daiteke Lurrean orain dela milioika urte bi isotopoen proportzio erlatiboa oraingoa baino handiagoa izango zela 235U-ren alde, agian %3a gainditu arte. Ondorioz zergatik ez imajinatu aspaldiko garai haietan naturan posible izango liratekeela leherketa eta erreaktore nuklear naturalen agerpena?
Hala proposatu zuen Kuroda izeneko fisikari nuklearrak 1956. urtean baina ez omen zioten kasu handiegirik egin. Berriz, 70eko hamarkadan frantziarrek Gaboneko Oklo izeneko harrobian ustiatzen zuten uranio minerala aztertzean, ikusi zuten zeraman 235U isotopoaren proportzioa behar zuena, %0,72koa alegia, baino zertxobait baxuagoa zela.
Zergatik galera hori espero zitekeenarekiko? Ustiaketa geldiarazi egin zuten eta nazioarteko batzar bat antolatu zuten Gabonen bertan irregulartasuna aztertzeko, ordurako eztabaida handia piztuta zegoelako gaiaren inguruan. Litekeena zen isotopo fisionagarria faltan egotea nuklearki gastatu izan zelako noizbait aintzinean. Hipotesi hori baieztatu nahian neodimioaren presentzia arakatu zuten meategian, elementu hori naturan oso urria baita eta fisio-prozesuen produktu tipikoa baita. Eta hantxe aurkitu zuten, erreaktore nukear modernoetan sortzen den proportzio berean gainera; beraz, geroztik aurkitutako beste frogei esker ere, zantzu guztiek adierazten zuten Oklon orain dela 1.800 milioi bat urte, baldintza egokiak gertatu zirela fisio nuklearrezko erreaktore naturala pizteko edo sortzeko. Utzitako arrastoetatik egindako kalkuluen arabera Okloko erreaktore naturalak 500.000 urte iraun zuen 100 kW-eko batez besteko potentzia batekin (txikia hori bai gaurko erreaktoreenarekin alderatuta: 1000 MW ingurukoa dena, Garoñakoa 460 MW) eta denera 500 kg uranio kontsumitu omen zituen. Bitxia!
Gehiago jakiteko: Scientific American aldizkariko esteka hau kontsulta dezakezu; edo bestela beste hau ere bai.
Gehiago jakiteko: Scientific American aldizkariko esteka hau kontsulta dezakezu; edo bestela beste hau ere bai.